2017(e)ko uztailaren 19(a), asteazkena

INGLATERRAKO HEGO EKIALDERA BIDAIA

2013 urteko abuztuan egin genuen bidaia hau. San Inazio egunean OriƱondik irten eta karabanari tiraka kotxeak Bilbora iritsi orduko pot egin zuen eta pentsatutakoa baino hiru egun beranduago amamaren kotxeari bola jarri ondoren joan ginen.
Calen hartu behar genuen Eurotunela gurutzatzeko trena eta harainoko bidea egun batean egin behar izan genuen. 15 orduko bidaia eta bi geldialdi. Goizeko 5:00etan abiatu eta 20:00etan Caleko kanping batera iritsi.

Han gaua pasatu eta hurrengo egunean 9:00etan prest geunden Eurotunela gurutzatzeko.
Inpresioa ematen zuen ur azpitik gindoazela pentsatzeak, baina 20 bat minututan gure helmugan geunden; FOLKESTONE.

Lehen aldiz ezkerretik gidatzea arraroa izan zen, baina bi edo hiru rotonda pasatu ondoren segituan ohitu nintzen.

Berehala  iritsi ginen 21 egunez gure kanpamendu basea izango zen Little Satmar camping and holliday parkera. Bertako jabeak oso barrera ona egin ziguten eta amaierarako harreman ona egin genuen.

Karabana esandako lekuan ipini ondoren, kanpinetik gertu zegoen amildegiko  taberna izkutu batean gure bizitzako lehen breakfasta dastatu genuen. Idatzitako kartelak irakurriz erraz egin genuen lehen eskaera, nahiz eta ez geneukan oso argi zer zen eskatzen ari ginena: Full English Breakfast.
Oso eguraldi ona zegoen eta Frantzia eta Erresuma Batua banatzen zituen itsasoari begira pasatu genuen tarte bat motorzalez betetako terraza hartan.

Folkestone herria ezagutzera joan ginen gero. Parking batean aparkatu eta Informazio gune batera joan ginen. Emakume edadetu batek azaldu zizkigun inguruan egin genitzazkeen bisita eta ekintzak. Bukaeran borondatea eskatu zigun. Ez genuen oso ondo ulertu zertarako zen laguntza hura, baina geroago ikasi genuen Inglaterran jendeak bolondres lanak egiten dituela hainbat kolektiborentzat dirua biltzeko; Charity.

Folkstoneko portu zaharra leku kuriosoa da eta orain arte probatu ditugun Fish & Chips goxoenak bertan jan genituen.
Inglaterran ikusi dugun arrain denda bakarra ere han ikusi genuen. Baita probatu ere; portuko harresitik gertu jasotzen zituzten Lobster (otarrainak) erosi eta kanpinean jan genituen.

ASDA eta LIDLa erabili genituen erosketak egiteko.

Kanpinean egon ginen bigarren egunean gure pareko partzelatara bi bikote edadetu iritsi ziren karabanekin. Bazkaltzen geunden eta karabanari bultza egiteko laguntza eskaini genienean gogo onez onartu zuten eta asko eskertu zuten. Konturatu gabe, Inglaterrako bidaian asko lagunduko ziguten Peter, Maggi, Collin eta Meg ezagutu genituen.
Eurekin bi afari egin genituen: eurek antolatutako barbakoa, hamburgesa, saltxitxa eta garagardoz osatua eta Collinen egunean guk antolatutakoa. Txerri saiheskia (Pork Ribs), saltxitxak, Idiazabal gazta, sagardoa eta ardoa. Saiheskia Inglaterra ikusi dugun harategi bakanetako batean erosi genuen, eta "Ribs" hitza ikasi arte, ia txerri osoa atera zidan harakinak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina